XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Antze-lana berak asmatu ta berak egin du.

Beretzat naski.

Gizonak ordea, ta beste edozerk, azken-muga Jainkoa du, gauza guzien asiera ta muga Bera baita.

Universa propter semetipsum operatus est Dominus.

Argatik eskatzen die Jainkoak Bera edertu dezatela: Aingeru, zeru, gizon, ur, eguzki, illargi, izar, euri, intz, su, otz, izotz, elur, gau, egun, argi, illun, tximist, odei, mendi, muño, azi, iturri, ibai, itsaso, arrai, egazti, eize... bere osperako egiñak baititu.

Egin zitunean, Ari begira gelditu ziran; ala esan.

Gizona Bere iduriko ta antzeko egin zun, Jainkoari begira, besterik ez bezala.

Obidius'ek ederki adierazten du: os homini sublime dedit, caelumque tueri iussit... Bizirik ez duten zeru-lurrak, eta Jainkoa maitatuz Aren begiztaldian dagon santua, oro dabiltza Jainkoaren ospe billa, oro beren azken-muga billa.

Izaki guzien jo-muga Jainkoaren ospea dala pilosopiak garbi erakusten digu.

Diranak oro, beren buruaz beste mugarik dute.

Ez diteke ezer bere buruaren begira-muga izan.

Gauzak, norabearra, zertara-bearra, jo-muga, elburua-itz askoz bat esateko-aurpegi bezala dute, aurpegiz norabait daude.

Aurpegiak ez du beregana begiratzen, beti besterengana, zuzen begiratzean beintzat.

Bere aurpegia ikusteko ere, besteri, ispilluari begira bear dio.

Gauzak, norabear ori begi bezala dute, ta begiak beraz besterik ikusten du.

Antzea diogunean, antzegilea (el artista) naiz antze-lana (la obra artística) adierazi nai dugu.

Jainkoak izaki guzieri bezala, gizonak ere bere lanari ta antze-lanari zertara-bear bat ezarri dio.

Ezereztako ta ezereztagatik ez da gizona ezertan ari.

Ba du asmo beti, askotan baitaratzen ez ba da ere.

Zergatik egin du gizonak olako antze-lan?

Ots, zerk eraginda?

- Bere atsegiñak eraginda.

Bere atsegina billatzen du antze-lan orietan.

Zertako, zeiñentzako egin ditu? bere buruarentzako.

Zergatik? - Bere buruari atsegin emateagatik.

Ederra, begiratzea atsegin zaiguna zala esan gendun.

Gizonak egin-ederra, antze-lana, atsegin zaigu begiratzea ta artan atsegiña ta atsedena billa nai dugu.

Gizonak alkia eseritzeko egiten du; lur-lana, jateko, bertsu, kanta ta beste eder-lanak, atsegiñerako, naiz opor dagola naiz lana-bitartean nekea arintzeko.

Beste asmorik dunik ez diteke esan, ez asma ere.

Bertsoak egitean bertsoak egitea asmo? Ori ezer ez da.

Egiteak atsegin ematen ba dio, atsegin soil ori artzeagatik ere bai; neke ematen ba dio ere, gero datorkion atsegiñarengatik.

Gizonak antze-lana zertako ta zergatik egin dun galdetzean, bere atsegiñerako edo bere atsegiñagatik, ots, bere atsegiñak eraginda, besterik ez diteke erantzun.

Lana lanarengatik egin dula esateak ez du zentzurik.

Ain zentzubagea ote da gero gizona?

Aintzat artzen dute, lana lanarengatik egin ditekela uste dutenak.

Gizonak bere onerako nolako edo alako onerako egiten du edozer lan: jateko, era obean bizitzeko, bere buruari atsegin emateko; ez lanarengatik berarengatik.

Eta lanak berak bai al du adimenik edo zentzurik asmo ori ezagutzeko ta gizonari eskerrak emateko?

Eder-lanak berak, ernatuko ba litz, egillearentzat luke, ala esan, lenengo begiratua.

Lana lanarengatik egiten dun gizona, lan orren mendeko jartzen da, zentzurik eta adimenik ez dun gauzaren mendeko.

Bai al da gauza lotsagarrigorik?

Bere burua jo-muga edo begira-muga dunik ezer ez da mundu ontan, eta ez diteke izan.

Guziei beste zerbaitek eragiten die, bere buruaz bestek.

Izatekotan, Jainkoa bakarra liteke bere buruaren jo-muga; ez ordea bestek eraginda ari dana, ez baita eraginbea ta aldabera gu bezala.

Iñora bage ta ezertara bage, Berak du bere baitan izabiderik (1) ratio sufficiens existentiae aski.

Gauza bat bere buruaren jo-muga dala esatea sasi-pilosopia da, edozeiñek esana bedi.

Aurpegiz, begiz, besterengana gaude, ez gerongana.

Menendez y Pelayo'ren izkera bakarra jorratu dut, eta beste zenbaiten eta askoren aburu okerra.